XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bere bisitaren zain, ezin hinduen loak hartu, eta jangelan gordetzeko erabakia hartu huan, Olentzero berta bertatik ikusteko.

Etxean zehar pauso batzuk entzun hituanean, pozez lehertzeko zorian hengoen.

Hire bihotzarekin sinkronia osoz, gero eta hurbilago sentitzen huen ikazkin begigorriaren presentzia.

Jangelako atea ireki zenean, hire ama fardelez kargatua ikusi huanean, hire ametsak, hire haur inutzentzia guzia pitzatu eta milaka pusketetan jauzi huan.

Hura umearen negarra!

Bai aitak, bai amak kontsolatu nahi hinduten, baina hik gorroto hituan, gezur batean sinesterazi ziatelako eta hire buruari solemneki ez huela inorengan konfiatuko zin egin hion.

(Ez diat inorengan konfiatuko)

Telefonoaren hotsak berriz ere mundu errealera ekarri hau.

(Berdin ziok, ez dit erantzungo)

Telefonoa asmakuntza sorgindu eta madarikatutzat jotzen duk.

Beti izan dituk gorroto eskolako antzinako lagunen telefono deiak; kaixo, zer berri?

Zaharra berri.

Formalismo tipikoaz haraindi, hutsak, faltsuak, benetako ineteresgabeak.

Hobe zitzaiake inor hiretaz oroituko ez balitz.

Baina, pentsatu duk, noizbait benetan oroitu al dituk, ba?

Inor interesatu al duk benetaz hire bizitzaz?

Norbaitentzat inoiz ez ikustea gustatuko litzaiokeen bizkarroi bat baino gehiago al nauk?

Bitartean, telefonoak txilin monotonoz adierazten dik bere presentzia.

(Aparailu madarikatua!)

Hurbildu hatzio eta, une batez, deseskegi eta normaltasunez hitzegitea pasa zaik burutik.

Baina ez, gezurrezko interesa edo, agian, kupida erakutsi nahi duen ahotsen bat izango duk, eta ez hago hori jasateko prest.

Gorroto itsumustu bat hiretaz jabetu duk; gorrotoa munduari, gorrotoa gizarteari, gorrotoa hire arima eta gorputza kaiolatzen dizkiaten horma zikinei.

Eta tenkada batez telefonoaren kablea eten duk.

Egina zegok!

Zutik gelditu haiz egongelaren izkina batetan, aparailua eskubiko eskuan eta kablea ezkerrekoan.

Lipar batez boteretsu sentitu haiz, deabru, irribarre ironiko bat aurpegian marraztua.

Baina egin duanaren kontzientzia hartu duanean, hire astakeriaz konturatu haizenean, sukaldean ikusitako arratoiak ere ez duela horrelako bultzada basatirik izango konturatu haiz.

Hi eta arratoiaren arteko gonbaraketa mentalak min eman dik.

(Animalia nauk, animalia!)

Isiltasunez inguratua hago.

Isiltasunak, bakardadea ekarri dik gogora; bakardadeak samina; saminak arbendol zaporea ahora, burrunba belarrietara, malkoa begietara.

Gelako izkinean kuzkurtu haiz eta negarrari eman diok, negar isil eta sentitua.

Olentzero gezur hutsa dela jakin duen umearen malkoak dituk, masailetatik behera jaisten zaizkianak.

Erabat lur jota sentitzen haiz, hire bizitza itzulerarik gabeko puntu batetara ailegatu bailitzan.

Burua altxatu duk, eta ingurura begiratu, kontsolatuko hauen zerbaiten bila.

Hutsa eta hoztasuna baizik ez duk pairatu hau egitean.

Etzegok alaitasun izpirik hire inguruan.

Bizipoz egarri bahengo bezala, zutitu eta leihotik kalera begiratu duk.

Neonezko argiak ikusi dituk urrutian, kotxeen zarata entzun, baina hire auzategiak aspaldi gizatasuna galdu zuela hauteman duk.

Musika pixka bat jarri duk, hire inguruko isiltasuna hausteagatik.

Baina ez diek inongo jaramonik egiten Mark Knopfleren melodiei.

Utzia sentitzen haiz, abandonatua, jasan ezinezko kate batek estutzen dik eztarria, ito, ito egiten hau.

(Amaitu da)

Komunera joan haiz.

Botikina ireki eta valium kaxa hartu duk, ahalik eta pilula gehien irentsiz.

Ondoren, egongelako sofan etzan haiz, betiko loaren zain.

Ez, ez haiz hire oroitzapen eta bakardadearen katea hausteko gai izan, eta zer?